Urte berri on ! ?>

Urte berri on !

Urte eder eta goxoa desiratzen dautzuegu !

Urte berri hau azkarki hasten da LagunArte-rentzat Hospitalités proiektuarekin urtarrilaren 4etik 15erat Lausanneko Vidy antzokian. Urtarrilaren 3an, Bastidako zortzi herritar Suitzarat airatu dira lan egonaldiarentzat urtarrilaren 4etik 10erat, kreazioa 11etik 15 erat eginen da.

Nolaz Euskal herriko herri ttipi bateko herritarrak europako antzoki batean dira gaur ? Itzul giten proiektuaren hastapenerat…

Ikusgarri esperimentazio zentroaren baitan, Kristof Hiriartek Massimo Furlan gomitatu du Bastidarat zonbeit egunen pasatzerat 2014eko azaroan. Herritarrak gurutzatu ditu, solasean arizan da haiekin, entsegatu da ulertzerat haien eguneroko bizia. Trukaketa horietatik abiatuz antzerki performantzia lan bat pentsatu du herriarekin, herriko aktoreekin, haien bizitik ahal bezain hurbil.

Massimo Furlanek asmatu duen ixtorioa ideia huntatik abiatzen da : badirudi herritarrak uros direla Bastidan bizitzea, atxikiak dira herriari eta ez dute hortik joan nahi. Geroari begira, etxebizitzen prezioen emendatzea da haien beldur bakarra. Herriak turista anitz erakartzen ditu, prezioak biziki gorak dira eta herriko gazteek ezin dute herrian berean bizi, joaiten dira. Orduan, Furlan hasten da pentsatzen ostatatzeari eta migranteei, probokazioa sortu nahian. Izan ere, herri turistiko eta autentiko huntan ez da atzerritarrik. Beharrean diren komunitateen harrerak prezioen emendatzea mugatuko luke, eta behar bada apalaraziko ere… Kristof Hiriarten laguntzarekin eta sekretu handienean hastapen batean, Massimo Furlanek proposatzen dako Léopold Darritchoni, 30 urtez auzapez egon dena, Paueko unibertsitatean ekonomiako eraskale zena, errespetatua eta maitatua den perstonaiari, berekin hausnarketa bat eramaitea ostatatzeari buruz. Léopold Darritchon-ek onartzen du eta Kristof Hiriartekin hasten dira herriko figuretaz osatua izanen den aktore taldeari pentsatzen.

Helburua da fikziozko elementu baten sartzea errealitatean (migranteen harrera Bastidan) eta ikustea ideia horrek zer ekintza eta erreakzio sortzen dituen eremu publikoan, eztabaida sortuz gizartean.

Denbora pasatzen da, historiak fikzioa gainditzen du : 2015eko uda bukaeran migrazioa gai sozio-politiko garrantzitsuena bilakatzen da Europan. Siriako gerra, Ekaialde hurbileko eta Afrikako egoera politiko-ekonomikoen gatik migrazio fluxuak emendatzen dira. Herri, hiri edo eskualde batzuk engaiatzen dira migranteen harreran. Léopold Darritchon-ek dio Massimo Furlanen ideia artistikoa biziki azkarra dela eta bizian oinarritzen dela, serioski hartu behar dena. Egiazko proposamen bat bilakarazten du, egiazki partekatu nahi duena herriarekin.

2015eko urrian, Francis Dagorret auzapezak, LagunArte konpainiak eta herriko aktore nagusiek bilkura publiko bat antolatu dute migrazioan berezituak diren jendeak, idazleak, soziologoak gomitatuz herritarrekin eztabaidatzeko migranteen harrerari buruz. Bilkura hortan herriko familia batzuk etxeak eta apartamenduak uztea proposatu dute migranteen ostatatzeko. Harrera kolektibo bat sortua izan da “Bastida terre d’accueil”, astean behin elkartzen dira. Bikote bat eta lau haur harreratu dituzte 2016eko uda bukeran. Beste familia bat jin beharra da ondoko hilabeteetan.

Herriko zortzi herritarrek ixtorio hori kondatuko dute Hospitalités piezan. Gabriel Auzi, Francis Dagorret, Léopold Darritchon, Véronique Darritchon, Marie-Joëlle Haramboure, Anaïs Le Calvez, Thérèse Urruty eta Kattina Urrutyk haien ixtorioak kondatzen dituzte bainan Historia ere.

Azken finean, pieza gizarte baten potreta da, gizartearen aktoreen potreta, haien beldurrak eta desirak. Gaur egungo ostatatzea aipatzen du : Zer erran du ostatatzeak ? Nork du aterpe bat behar ? Zer emaiten ahal dakot ? Zer ekartzen daut ? Nola aldatzen nau ? Nola nik aldatzen dut ?

Hospitalités : kreazioa – urtarrilaren 11tik 15erat Lausanneko Vidy antzokian
Xehetasunak eta erreserbatzeko : http://www.vidy.ch/hospitalites

 

 


Comments are closed.